XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Era berean, Udalak edo Jaurlaritzak interes turistikotzat jotzen dituen ekitaldiak izaten direnean (gehienez 10 egun urtean) ordutegia bi ordutan luzatuko da.

Araudian jasotzen denez, behin-behineko instalakuntzei (txoznak esate baterako) instalakuntza iraunkorrentzat finkatutako erregimen bera aplikatuko zaie.

Bestalde, joku lokalak ondoko ordutegietan egon beharko dira itxita: jolas aretoak 22:30etan, joko aretoak 00:30etan, bingo aretoak 03:00etan eta jokorako kasinoak 04:00etan.

Ordutegia luzatzen den kasuetan 18 urtetik gorakoek bakarrik izango dute bertara sartzeko eskubidea.

Araudiak beste hainbat aspektu ere jasotzen ditu.

Esate baterako, lokalen kanpoaldean ezin izango dira edariak hartu gaueko 10:00etatik aurrera eta tabernariek galerazi egin beharko dute bezeroek lokaletik kontsumizioak ateratzea, kontrako kasuan zigorren bat jasotzeko arriskuarekin.

Mariano Regorigok, Ganbara tabernakoak, nekez ikusten du horrelako gauzak betetzea; Zer jarriko dugu, tipo bat sarreran jendeari kanpora irtetzen ez lagatzeko?

Jaietan eta udan, jendea kanpora irtetzen denean, oso nekeza da hori kontrolatzea.

Niretzat inportanteena zera da: auzokideen kexarik ez izatea.

Hori errespetatzen den bitartean ez dut uste ordutegien kontrola hain zehatza izan behar denik.

Isun gogorrak

Bestalde, baimen administratiboa behar duten jendaurreko ikuskizun eta jolas jardueren hasiera eta amaiera orduak baimen erabakian zehaztuko direla jasotzen da.

Dena den, jarduerak ezin izango dira amaitu 02:00ak baino beranduago.

Araudiaren 9. artikuluaren arabera, jendaurreko ikuskizunak eta jolas jarduerak ezin izango dira hasi goizeko 06:00ak baino lehen.

Lokalak itxi eta berriz zabaldu bitartean gutxienez 6 ordu igaro beharko dira eta musika, dantzarako pistak etabar, ezin izango dira martxan jarri goizeko 09:00ak baino lehen.

Jaurlaritzak hirigunetik kanpo edo errepideetan dauden lokal edo instalazioak, aireportuetan edo autobus geltokietan daudenak edota ordutegi berezia justifikatzen duten jokorako jarduera eta zenbait ikuskizunen kasuan ordutegi bereziak ezartzeko ahalmena izango du.

Azkenik, isunei dagokienez, arau-hauste arin gisa tipifikatutakoak 200 mila pezetarainoko isunarekin zigortu ahal izango dira.

Urtebete baino lehenago hirugarren arau-hauste bat eginez gero, arau hauste larri gisa tipifikatuko da eta honako zigorrak izan ditzake: 200 mila eta bat pezetatik bost milioi pezetarainoko isuna, jarduera eten edo lokala itxi (gehienez ere urtebetean) edota jarduera hori egiteko sei hilabeteko inhahilitazioa.